Albisteak

 

UDAL TRIBUTUEK EZ DUTE IGOERARIK IZANGO

Aurtengo osasun eta gizarte krisi egoera honen aurrean, Lekeitioko Udalak udal zergak eta tasak bere horretan uztea erabaki du, inongo igoerarik gabe.

2021ko ordenantza fiskalek, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko beharrezkoak diren diru-sarrerak bermatzeko helburua dute. Hala ere, urte honetan bizi dugun osasun eta gizarte larrialdia kontuan izanik, udal zergak eta tasak ez igotzea erabaki da, hau da, iazko urtean bezala mantenduko dira, nahiz eta erabaki honek udalean diru sarrera gutxiago izatea suposatu.

Beste batzuen artean, Ondasun Higiezinen Gaineko zerga / Hiri ondasunak, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zaborren bilketa, estolderia, hilerria, merkatua eta hirigintzako baimenak aurkitzen dira zerga eta tasa hauen artean.

Egungo egoeran, lekeittar askoren ekonomiak kolpe handia jasan du eta garrantzitsua da horren aurrean erraztasunak ematea. Lekeitioko Udala jakitun da egoera horretaz eta zergak eta tasak ez igotzea erabakia hartu du, herriak aurrerapausoak eman eta hobetzen jarraitzeko bideragarritasuna bilatzen den neurrian, herritarrei ere lagundu ahal izateko.