Albisteak

 

Lekeitioko parrokiaren Ikusgarri Aretoaren zine komertziala gestionatzeko kontratatua zuen enpresak, FIDES NORTE S.A.k, ekainean iragarri zuen bezala, irailean eten egin du bere jarduna. Lekeitioko Udalak 2012an FIDES Norte S.A. enpresari 15.000 euroko diru-laguntza ematea adostu zuen, honek egiaztatu ostean zinea defizitarioa zela. Orduan izenpetutako hitzarmenean geratu legez, ekainean egindako balorazioaren bidez FIDES-ek zine komertzialaren jardunari ekonomikoki ezin diola aurre egin jakinarazi zuen, eta irailetik aurrera bere jarduna eten egingo zuela iragarri.

Hori horrela, udala aretoaren jabea den parrokiako ordezkariekin harremanetan jarri da eta aretoaren erabilera mantentzeko aukeraz mintzatu dira. Hitzarmena oraindik sinatuta ez badago ere, epe ertain baterako errenta-kontratu bat sinatzekotan dira alde biak. Udalak ikusgarri aretoaren alokairua eta mantentze-gastuak ordainduko ditu esku artean dagoen hitzarmenaren arabera. Parrokiarekin sinatuko den kontratuaren bidez, udalak Ikusgarri aretoaren erabilera osoa izango du. Gainera, Ikusgarri aretoa Euskadiko Antzokien SAREAn sartu berri da. Horrela, kultur programazio sendo bat jarri nahi da martxan eta bertan gutxienez 8 ekitaldi (antzerki, dantza, musika...) egingo dira diruz lagunduta.

SAREAk (Euskadiko Antzoki Sarea) hamabost urte egin berri ditu. Sortu baino urte bete lehenago, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren bitartez Antzokien Sare Nazionala eratu zuen; eta, horren bidez, antzerki sare edo zirkuitu batzuk sortzeari ekin zioten zenbait autonomia erkidegok. Horien artean kokatu beharra dago SAREA.

Sarea-ren "Koordinazio egitura" honako hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, hiru Foru Aldundietako Kultura Departamentuak eta azpiegitura egokia izanik hala erabakitzen duten udalak. "Puzzle" honen baitan, erakunde bakoitzak zeregin batzuk dauzka: udalei giza baliabideen nahiz baliabide ekonomikoen zuzkidura dagokie, espazio eszenikoek programazio egonkor bat izan dezaten; Foru Aldundiei, sareko kide diren antzokiei zuzendutako laguntza ekonomikoak arautzea; eta Eusko Jaurlaritzari, SAREA koordinatu, hedatu eta ordezkatzea. Gaur egun 51 espazio eszenikoek osatzen dute Sarea, horien artean hauek: Victoria Eugenia, Arriaga Antzokia, San Agustin Aretoa, Nestor Basterretxea Aretoa…

Udala prest azaldu da Ikusgarri aretoaren erabilera bere gain hartzeko; eta beraz, kultur programazioa indartu nahi du, Sarea zirkuituan sartuta. Ikusgarri aretoan 300 lagun inguru sartzen dira eta udalarentzat oso garrantzitsua da horrelako kultur espazioak mantentzea. Bide batez adierazi nahi du esku zabalik hartuko dituela zine komertziala eman ahal izatearen alde herritik sor daitezkeen ekimen ezberdinak. Beste herri batzuetan balizkoak diren formulak daude eta Lekeition ere horrelako zerbaitek funtzionatu dezakeela pentsatzen dugu. Udala elkarlanerako prest dago eta bere esku dagoena egingo du horrelako ekimenak aurrera eramateko.