Albisteak

 

Ikerketa Bekare esleipena
 

Lekeitioko udalak, ikerketa bekaren esleipena egin berri du. Lekeition emakumeek egin dituzten ekarpenak jaso eta sakontzea izango da ikerketaren helburua. Emakumeen ekarpenak, askotan, ez dira kontuan hartu historian oinarritutako ikerketetan eta kontuan hartu badira, beti esparru mugatuetan kokatu izan dute emakumea. Gure herriari buruzko kalitatezko ikerketa historikoak nahi baditugu, jendartea osotasunean kontuan izango duten ikerketak izan behar dira. Beraz udalak, Lekeitioko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak plazaratzeko ordua heldu dela deritzo eta horrela hauei behar besteko aitortza egitea.

Azaroa izan dute ikerketa taldeek deialdira aurkezteko. Guztira hiru proposamen jaso dira, hirurak bizkaitarrak. Soziologoak eta komunikatzaileak aurkeztu dira orohar, asko genero gaietan adituak. Hauek izan dira aurkeztutako proiektuak: “Lekeitioko emakumeen lana Francoren diktadura garaian (1936-1975)”; “Ezkutuko amandrea”; “Lekeition emakumea bazen, bada eta izango da”. 

Udalak Unai Belaustegi Bedialauneta (1983) Mutrikuarra izendatu du Ikerketa Bekako tutore. Historian Lizentziatua eta Historia Garaikidean aditua da Unai.

Ebaluaketa batzordea ondorengo kideetaz osatua egon da: Berdintasun teknikaria, Artxibo teknikaria eta Emakumea eta Berdintasun Batzordeko bost kide Alkatea eta Alkateordea barne hartuta.

Beka jasoko duen lana Ezkutuko amandrea da. Alejandra Goikotxea Vazquez eta Aitziber Izagirre Bengoetxea lekeitiarrak dira proiektuaren kideak. Baloratu diren ezaugarriak, espediente akademikoa, ikerketa proiektuaren interesa eta zuzentasuna, orijinaltasuna eta bideragarritasuna izan dira.

Udalak prestatu duena 4000€tako beka da. Bekaren %25 beka onartzean emango da eta beste %25plangintza aurkezterakoan. Bekaren erdia ikerketa bukatzean emango da. Ikerketa bekaren iraupena, 6 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, beste 6 hilabetez luza daiteke epaimahaiak hala irizten badio.