Albisteak

 

Gardentasunera begira alkateei eta zinegotziei konpromiso eta neurriak eskatzen zaizkie

  • Alkatearen eta zinegotzien gastuak zorrotz jarraitzea
  • Kargu publikoek ezin izango dute ez zuzenean ez zeharka onartu opariak edo dohaintzak
  • Kode Etikoak ere zehazten du udal honetako kargu publikoek ez dutela esku hartuko beraientzat interes ekonomikoren bat izan lezaketen auzietan
  • Ez dute parte hartuko sozietateekin edo enpresekin lotutako auzietan, baldin eta azkeneko bost urteotan horietan zerbitzu ordainduren bat modu iraunkorrean eman badute

Lekeitioko Udalak, urtarrileko Osoko Bilkuran, udal kudeaketan jarraitu beharreko Kode Etikoa onartu du, Bilduren aldeko botoekin eta EAJ/PNVren ezezkoekin,. Bertan, udaleko alkate eta zinegotzien konpromisoak eta neurriak zehazten dira: opariak ez onartzea; protokoloan eta ordezkaritzan egindako gastua herritarrei begira azaltzea; edota haien egiteko publikoarekin lotuta interes ekonomikoren bat izan lezaketen auzietan ez partehartzea.

Helburua da administrazio publikoa kudeatzeko garaian eduki beharreko irizpideak zehaztea: gardentasuna, interes publikoa nagusi izatea, kargu publikoa alderdiaren edo norberaren xedeetarako ez erabiltzea, karguarengatik eduki daiteken informazio pribilegiatua ez erabiltzea norberaren onurarako, legeria zehatz-mehatz betetzea, administrazioko kontratazioetan publizitate eta konkurrentzia printzipioak, langileen hautaketarako meritu eta gaitasuna, gastu publikoaren kontrol zorrotza, e.a.

Hauek dira udal honetako hautetsiek hartutako konpromiso eta neurriak Kode Etikoaren arabera:

Kode Etikoak ahalbidetuko du alkatearen eta zinegotzien gastuak zorrotz jarraitzea, hain zuzen ere, hauek bi hilero Osoko Bilkuraren aurrean eta herritarrei begira ordezkaritza eta protokolo gastuak zeintzuk izan dituzten zehaztu beharko dituzte frogagiriekin. Horrela, gastu publikoa zuzen bideratu nahi da eta soilik udalarekin zerikusi zuzena duten gastuak jasoko ditu bere gain udalak.

Kode Etikoak, halaber, zorrotz eragingo die udal ordezkariek jaso dezaketen opariei. Kargu publikoek ezin izango dute ez zuzenean ez zeharka onartu opariak edo dohaintzak; haien neutraltasuna baldintza dezakeen dirua, ezta doaneko edo ohikoa baino interes txikiagoko maileguak; zuzenean haien egiteko publikoarekin lotuta ez dauden gonbidapenak edo bidaiak. Eta hala eta guztiz, nolabaiteko oparirik jasoz gero, hautetsiek udalean utziko dute edo beharrak dituzten eragileei bideratuko zaizkie, erabilera publikoa lehenetsiz.

Kode Etikoak ere zehazten du udal honetako kargu publikoek ez dutela esku hartuko beraientzat interes ekonomikoren bat izan lezaketen auzietan, ezta beste edozein abantaila ekar liezaiekeen auzietan ere, abantaila hori norberarentzat nahiz familiarteko batentzat izan (bigarren gradura bitarteko familiartekoak); betiere, auzi horiek haien egiteko publikoarekin lotuta baldin badaude. Halaber, egoera berean, ez dute parte hartuko sozietateekin edo enpresekin lotutako auzietan, baldin eta azkeneko bost urteotan horietan zerbitzu ordainduren bat modu iraunkorrean eman badute, edo ebazpenaren aurreko bost urteetan interesik edo partizipaziorik izan badute. Hala gertatuz gero, esku hartzeari uko egin beharko dio, eta egoeraren berri eman beharko dio dagokion arduradun politiko edo administratiboari. Ezinen du, inolaz ere, manuko batek ebatzi.

Udalak kargu publikoen esku jarritako baliabide material eta giza baliabideak, kudeaketa administratiboaren lanarentzat zorrotz erabiliko direla zehazten du Kode Etikoak, erabilera partikularrak edo udal jarduketarenak ez diren erabilerak saihestuz.

Jarraipen Batzorde bat osatuko da udal ordezkariek Kode Etikoan zehazten diren neurriak zenbateraino betetzen duten kontrolatzeko, hiru hilabetean behin batuko dena gutxienez kontu horiek ebaluatzeko. Hautetsiren batek Kode Etikoan agertzen diren konpromiso eta neurriak beteko ez balitu, ikerketa batzordea martxan jarri, gaia landu eta dagozkion ondorioak proposatuko lituzke. Helburu horretarako, udal honetako hautetsiek ez dute trabarik edo mugarik jarriko.

Kode Etikoa onartzearen beharra ikusi dugu, bada, udal honetan, oso arduratuta baikaude ustelkeria oso praktika zabaldua delako administrazioetan. Hain zuzen ere, bizi garen sistema sozioekonomikoak hori bultzatzen du. Gobernu eta administrazio publikoetako ustelkeriak eta zilegi ez diren praktikek honako ondorioak ekartzen dituzte: baliabide publikoak desbideratzea eta alferrik galtzea; herritarrek zinegotzi eta alkateak urruneko eta autoritario gisa ikustea; erakunde publikoen eraginkortasunik eza; gobernu-programetan ezarritako helburuak ez betetzea; herritarren arazoak eta beharrak ez konpontzea; azpiegitura publikoak murriztea; politikan bezeroen zerbitzuan aritzea; justiziaren lana oztopatzea; gobernuarekiko eta erakundeekiko konfiantza galtzea.

Udal honen ustez, argi dago bizitza politikoa eraberritu behar dela, herritarra erabakien erdigunean jarriz eta eguneroko jardunean protagonista bihurtuz. Udalen kudeaketa eredugarria izan behar da, eta horren harira dator Kode Etiko honen onarpena.


UDALEKO ALKATE ETA ZINEGOTZIEN JARDUNERAKO
KONPROMISOAK ETA NEURRIAK