Negozio bat hastea

 

Enpresa-plana martxan jarri nahi den enpresa-proiektu baten edukia zehaztasunez azaltzen duen dokumentu irekia eta dinamikoa da.

Proiektuaren bideragarritasuna zehazteaz gain, enpresa-plana proiektuaren “aurkezpen gutuna” da banku entitateentzat, etorkizunean kide izan litezkeenentzat, erakunde publikoentzat eta abar.

Proiektuaren oinarrizko datuak

Atal honek honako datu hauek izango ditu: proiektua identifikatzeko izena, kokapena, hasiera data, sozietate mota, garatuko den jardueraren azalpen laburra, aurreikusitako langile kopurua, behar izango den inbertsioaren kuantifikazioa eta finantzaketa, etab.

Eragilea

Enpresa-proiektuaren eragileak identifikatuko dira beraien datu pertsonalak, historia profesional laburbildua, dituzten helburuak eta etorkizunean proiektuan izango duten arduraldi maila zehaztuz.

Enpresaren jardueraren deskribapena

Produktu edo zerbitzuaren ezaugarri orokor zein teknikoak deskribatuko dira, baita beste enpresen produktu edo zerbitzuetatik bereizten dituzten ezaugarriak ere.

Merkatuaren azterketa

Atal honetan produktu edo zerbitzuak izango duen merkatua zehaztuko da. Merkatuaren azterketak enpresaren egitura antolatzen laguntzeko balioko du. Honako hauek izango ditu:

  • Merkatuaren ezaugarriak: Enpresaren jarduera-eremua (geografikoa, jarduera sektoreak, etab.), sektoreak izan lezakeen hazkundea, lortzea espero den merkatu-kuota, merkatuan hurrengo urteetarako aurreikusten den garapena, etab.
  • Bezero potentzialak: Bezero potentzialek izango dituzten ezaugarriak islatuko dira, beraien tipologia, kopurua, etab.
  • Lehiakidetasunaren azterketa: Enpresaren lehiakidetasuna identifikatzea, bere ahulgune eta indarguneak aurkitzea, kokapena, produktuen ezaugarriak, prezioak, banaketa kanalak, etab.

Marketing-plana

Enpresak bere helburuak eta salmenta aurreikuspenak betetzeko behar izango dituen merkataritza-estrategiak zehaztea da marketing-planaren xedea. Planak lau aldagai aztertuko ditu batez ere: produktua, prezioa, banaketa eta sustapena.

  • Produktua: Eskainiko den produktu edo zerbitzua zehaztasunez deskribatuko da: ezaugarriak, izena edo marka, eskaria, errentagarritasuna, babesa, etab.
  • Prezioa: Produktu edo zerbitzuaren prezioa zehaztea, prezioa zehazteko erabilitako metodoa azaltzea (kostuen araberakoa, lehiaren araberakoa, bezeroen araberakoa...), etab.
  • Banaketa: Produktua bezeroei helarazteko erabiliko diren banaketa kanalak azalduko dira, zuzeneko banaketa izango den ala bitartekariak erabiliko diren, kostua, etab.
  • Sustapena eta publizitatea: Enpresa eta bere produktu edo jarduera sustatzeko eta publizitatea egiteko modu eta sistemak deskribatuko dira, baita bere kostua, espero diren emaitzak, sustatzeko jarduerak (mailing-a, aldizkarietako iragarkiak...), etab.

Ekoizpen-plana

Ekoizpen-prozesua deskribatuko da (metodoak, sistemak eta faseak), prozesuaren zatiren bat azpikontratatu behar izango den zehaztuko da, dituzten baliabideekin enpresak izango duen ekoizpen-ahalmena aurreikusiko da, beharrezko lehengaiak aztertuko dira, biltegiratzea ikertuko da, kalitate kontrolak, etab.

Kokapena

Saltokiaren, bulegoen, tailerren eta biltegien kokapena zehaztea. Kokapena aukeratzean zenbait alderdi kontuan hartu beharko dira: merkatuaren, lehengaien, azpiegituren eta komunikazioen hurbiltasuna, gaitutako langileria izatea, inguruko industria-hornidura, hirigintzako legedia, diru-laguntza ekonomiko eta fiskalak, prezioa, etab.

Antolakuntza eta Giza Baliabideak

Enpresan gauzatuko diren funtzioak eta eginkizunak azalduko dira, funtzio horiek betetzeko behar izango den langile kopurua, langile bakoitzaren profil profesionala (prestakuntza, esperientzia, etab.), kontratazio motak, bakoitzak izango dituen ardurak zehaztea, langileria aukeratzeko politikak, prestakuntza politikak, kontratazioaren kostuak, etab.

Izaera juridikoa

Enpresak izango duen izaera juridikoa azalduko da (banakako enpresaria, ondasun-erkidegoa, sozietate mugatua, sozietate anonimoa, kooperatiba, etab.).
Aukera daitezkeen izaera juridiko desberdinak sakonago ikertuko dira hurrengo atal batean.

Azterketa Ekonomiko eta Finantzarioa

Atal honetan proiektua abiarazteko beharrezkoak diren baliabideak aztertuko dira: ekoizpen-kostuak, errentagarritasuna, finantzaketa eta abar. Hurrengo koadroak izan beharko ditu gutxienez:

  • Hasierako inbertsio eta finantzaketa planak.
  • Galera eta irabazien kontaketa.
  • Altxortegiaren aurreikuspena.
  • Egoera-balantzea.
  • Pertsonal-gastuak.
  • Ibilgetuaren amortizazio taulak.
  • Ratio nabarmenenak.