Gertakariak

 

Aurten euskal zinemagintzarekin hitzordua aurreratu egin da. 2016ko urriaren 16tik 23ra bitartean izango da.

Lekeitioko Udala aurten 39. Euskal Zine Bilera antolatzen dabil. Euskara hutsean egiten den Euskal Zine Bilera bakarra da.

Parte hartzeko epea zabalik dago eta ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 31 izango da.

2016ko edizioa hilabete aurreratu da. Urriaren 16tik 23ra bitartean izango dugu euskarazko zinemaz gozatzeko aukera eta aurtengo 39. edizioa aurrekoak bezain arrakastatsua izango delakoan dago Lekeitioko Udala.

Data aldaketaren arrazoi nagusia euskarazko zinemagintzak daukan hitzordurik garrantzitsuenari bere lekua ematea da. Horrela, Euskal Zine Bilera Donostiako Zinemaldiaren (iraila) eta Zinebiren (azaroa) artean kokatuko da. Urria euskarazko zinemaldiaren erreferente bilakatuz.

Euskal Zine Bilerak betiko bi helburuak izaten jarraitzen ditu: batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten lagundu, eta bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria nagusi ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean.

Kategoria bakoitzean Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak saritzen dira, saririk preziatuena Film Onenaren Saria delarik.

Zuzendaritza:

• Profesionala: 1.600,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

• Amateurra: 1.000,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

Ekoizpena:

• Profesionala: 1.600,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

• Amateurra: 1.000,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoia:

• Profesionala: 1.600,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

• Amateurra: 1.000,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

Argazkia:

• Profesionala: 1.600,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

• Amateurra: 1.000,00€ eta Zilarrezko Antzarra.

Film Onena:

• Profesionala: 1.900,00€ eta Urrezko Antzarra.

• Amateurra: 1.300,00€ eta Urrezko Antzarra.

Sari horietaz gain, Euskal Zine Bilerak 500,00.-euroko beste bi sari ematen ditu: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Gazte 22 Sariaren bitartez 1994ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako euskal zinemagile gazteak bultzatu nahi dira eta bigarrenarekin, ostera, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana saritu.

IZENA EMATEA

Euskal Zine Bilerara aurkezteko lehenengo www.zinebilera.com orrialdean izen emate orria bete behar da. Datu guztiak bete eta formularioa bidalitakoan lotura batek CLICK FOR FESTIVALS plataformara bideratzen du, bertan kontu bat sortu, fitxa bete eta pelikula (kalitate onean) igo behar da. Amaitzeko, lana Euskal Zine Bilerara igo beharko da.

Guztira ez dira 50 film baino gehiago onartuko lehiaketan. Gehiago jasoko balira Aukeraketa Batzordeak azterketa eta hautaketa lanak egin beharko ditu, beti ere profesional eta amateurren arteko oreka mantentzen saiatuz.

Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilerak aspalditik lagun dituen erakundeen babesa eta laguntza izaten jarraituko du: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Zineuskadi, Euskal Kalitatea eta Euskaltzaleen Topagunea.

Ongi etorri

Euskal Zine Bilera

ZINEBILERA.COM