Gertakariak

 

Gazte Guneak Maiatzak 1ean bizikleta martxa antolatu zen Ogeilara Gazte Ekintza moduan. Eguraldi kaxkarra zela eta han aterperik ez zegoenez, gazteek eta hezitzaileek, Aulestira egin zuten plan aldaketa. Batzuek oinez eta beste batzuek bizikletan joan ziren bide gorritik. Aulestiko frontoian denek bazkaria prestatu eta jolasean ibili ziren arratsalde guztia. Ikastolako eta Iturriotzeko 20 neska mutileko taldea bildu ziren. Gazte Ekintzak, Gazte Gunetik kanpo baina gazteak antolaketan inplikatuz aurrera ateratzen diren ekimenak dira.

Horrez gain, aisialdia modu sortzailean garatzera bidean, maiatzak 22an, 21:30tan, antzerki emanaldia emango dute gazteek. Eneritz Artetxeren laguntzaz, beraien ametsetako Lekeitioko antzezlanak prestatzen dabiltza eta parte hartzaile guztiek aterpetxe batetarako saria izango dute.

Eta ez da hor gelditzen kontua. Maiatzak 17an,  Iparraldeko haizeetan parte hartuko dute gixaua eginez eskolapeko limonero aurrean. Bestetik, maiatzaren 30ean Kurtxiako baserri batetara joango dira txikiagoekin batera baserri mundua ezagutzera. Ekainak 6an aldiz, hankapalo ikastaroa egingo dute Aittitta Txiki Kultur elkartearen laguntzaz.

6-11 urte bitarteko kidegunekoek ere, prestatu dituzte hemendik udararteko ekintzak. Alde batetik, beraiek ere Iparraldeko haizeetan parte hartuko dute eta maiatzaren 23an Play back lehiaketa antolatu dute ludotekako txikienekin batera. Maiatzaren 30ean berriz, kurtxiara joango dira baserria eta bere ezagutzen berri izatera.

Herri irteera.
Aisiadi taldea, haur eta gazteei aisialdia emateaz gain, oraingotan, herritar guztiei zabalik egongo den irteera proposatu dute. Honela, ekainaren 13an, herri irteera antolatu du EUREKAra, Donostiako zienzia museora. Ekainak 6  da irteerarako izena emateko azken eguna eta 12 euro balioko du txartelak. Goizean museoa bisitatu eta arratsaldean Donostian ibiltzea da asmoa.

Ekainak 27ko asteburuan, bai txikienek zein handienek jai baten bitartez lekukoa emango diote Udako Udaleku Irekiei.