Gertakariak

 

Lekeitioko Udalak eta Potxuak Martxan taldeak asteburu morea aurkeztu dute. Hirugarren urtez, Berdintasuna eta feminismoa aldarri, ekimen ezberdinak antolatu dituzte elkarrekin, asteburu honetan zehar burutuko direnak.

Martxoaren 7an Martxa Morearekin hasiko da eguna. Iazko arrakastaren ondoren, berriz ere 12:00etan irtengo da martxa Eskolapetik. Korrika, oinez, patinetan, edo bizikletan egin daiteke martxa, baina hori bai, zerbait morea ekarri behar da. Energiak berreskuratzeko Kontziopera egingo du salto jaiak. Bertan, Potxuak Martxanek prestatutako pintxo goxoak eta Miren Amuriza Plaza eta Ohiana Bartra Arenas bertsolariekin egingo dugu topo.
Arratsaldean berriz Atx Teatroaren Arren Ganbara eta Emeen Sotoa antzezlana izango dugu Ikusgarri Aretoan. Arratsaldeko 19:00etan izango da 5 euroren truke. Gaba ere morez etorriko da. Emakumeentzako afaria prestatu baitu  Potxuak Martxan taldeak. Izen ematea martxoaren 5a baino lehen egin behar da. Ondoren, Croissants Djak izango dira Dzapart tabernan.

Martxoaren 8an berriz, Emakumeen Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta kontzentrazioa deitu dugu 13:30etan Plazan. Asteburu moreak, (Raquel) Lucas Platero soziologo eta trans aktibista ezagunaren hitzaldiarekin emango dio amaiera. Argitaratu berri duen Transexualidades liburua aurkeztu eta eraldaketa sozialerako tresna batzuk eskainiko ditu Lucasek.

Lekeitioko Udalak kalean egunerokotasunean indarrak metatzen dabiltzanekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du. Potxuak Martxan emakume taldearen lana goraipatu eta txalotu nahi da horregatik. Emakumea eta Berdintasun Batzordean parte-hartzearekin batera, ezinbesteko lankidetza eskaintzen dute. Lekeitioko beste talde batzuen antzera, herritarron indarraren, auzolanaren eta parte hartze aktiboaren adibide esanguratsua dira dudarik gabe.Lekeitioko Udalak guztion erantzukizuna dela deritzo generoen arteko desberdintasunak eta botere harremanak jendartean erroturik dauden egiturazko arazoei aurre egitea. Hori horrela dela, uste du erakunde publikoek esku hartzeko betebeharra dutela nork bere eskumenen barnean. Udalak egiten dituen politika eta ekintza guztiek genero-ikuspegia ere barnean izan behar dute, emakume eta gizonen artean eraiki diren ezberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko.