Gertakariak

 
Aste honetan zehar, urteko lau sasoietan egiten den arratoien aurkako kanpainaren barruan, animalia horien kontrako produktua botako da herriko karkaba eta estolderietan.
 
Arratoiak hiltzeko azken kanpaina apirilaren 17an egin zen Muridox 40 produktuaren bidez. Produktu hori giltzez zarratzen diren karkaba eta arketetan bakarrik jartzen da. Muridox 40aren formulazioan Benzoatoa dago. Honek zapore mingotsa du, animali eta pertsonen intoxikazioa ekiditeko. Horrez gainera, ez da likidoa, eta kolore urdinekoa izanik, oso erraza da identifikatzeko. Udalak argitu nahi du, baita ere, erabilitako produktu hori ez dela pozoitsua ezta toxikoa ere, soilik kaltegarria. Bere konposizioa dela eta, animali txikietan baino ez du eragiten. Gainera produktuak efektua egin dezan, behin eta berriz jan behar da. Muridox 40a etiketatutako poltsetan jartzen dira, euri, haize, etab.en… aurka babestuta egoteko.
Hildako txakurren kasua
Uztailean hilda agertu ziren txakurren kasua hasiera batean arratoien kontrako kanpainari lotuta egon zitekeelako zurrumurrua zabaldu bazen ere, laster argitu zen arratoiak hiltzeko azken kanpaina apirilean egin zela. Abuztuaren 10ean egin zen txakurren jabeekin bilera. Bertan txakur hilen kasua argitu ahal izateko, hildako txakurren jabeei udaletik pasatzeko eskatu zitzaien. Guztira bost jabe agertu ziren beren txakurrak pozoiez hil zirela esanez. Horien ibilbideak aztertu ziren eta ez zen lotura komunik aurkitu, hau da inguru ezberdinetatik ibili ziren txakurrak. Abuztuan eta irailean txakur hilen kasu gehiagorik salatu ez bada ere, protokoloak martxan jarraitzen du. Txakurren bat hilda agertzen bada, Derion dagoen Eusko Jaurlaritzako laborategietara eraman behar da, nekrosia egitera. Udalak errepikatu nahi du, berriro ere, oso arriskutsua suerta daitekeela norbere kabuz pozoia botatzen ibiltzea; eta beraz, herritarrak jakitun uzten ditu arrisku horretaz.