Gertakariak

 
  • Letraukua auzoko konpost gunearekin 3. Auzokonpost gune  izango ditugu Lekeition Abenduaren erdialdetik aurrera.
  • Izen ematea azaroaren 3tik 28ra bitartean egin beharko da.

Lekeitioko Udalak materia organikoa banatuta jaso eta tratatzeko aukera emango duten bi auzo-konpost gunea zabalduko ditu. Horrela, hondakinen tratamenduari buruz Lea Artibaiko Mankomunitatean hasitako hausnarketan bilketa eredua definitzeaz gain, beste urrats bat eman du Lekeitioko Udalak.

Lekeition urtean gutxi gorabehera 3.323 tona hondakin sortzen ditugu. Hauetatik 1.495 tona materia organikoa dira, batez ere jateko sobrak.  Gaur gaurkoz ez dugunez materia hau berezita jasotzen, Zabalbargiko erraustegian erretzen da.

Udaletik hondakin organiko hau bereizita jasotzea behar beharrezkoa deritzogu herriko gaikako bilketa tasak igotzeko helburuarekin. Berehalako ondorio ditu gainera:  batetik, ingurumenari egiten diogun kaltea murriztea lortzen dugu eta bestetik,  hondakinak erretzen gastatzen dugun diru kopurua ,170.000€, murrizten dugu.

Auzokonposta herritarren artean lur publikoan egiten den konposta komunitarioa da. Konposta egitea sukaldeko eta baratzeko hondakin organikoak ongarri bihurtzea da. Horrela, lorategirako, baratzerako, erosioa kontrolatzeko edo pasaia edo erretako lurrak berreskuratzeko erabili daiteke.

Lekeitioko lehenengo gunea Letraukua auzoan kokatu zen eta iada urte erdi darama martxan. Bertako esperientzia ardatz hartuta jarriko dira martxan hurrengo auzokonpost gune berriak abenduaren erdialdean.

Oraingoan, bi gune jarriko dira martxan. Lehenegoa San Andres auzoa eta Eusebio Maria de Azkue kaleen artean kokatuko da. Bigarrena, Paskual Abaroa etorbidea eta Basoalde kaleen artean. Bi gune hauei esker, eskolapetik eskuinera bizi diren lekeitiarrek konposta egiteko aukera izango dute. Dena den, datorren urtean zehar puntu gehiago zabalduko dira eta herritar gehiagok izango dute aukera konposta egiteko.

Proiektu hau martxan jartzeko lehendabizi, konposta egiteko prest dauden herritarrak ezagutu behar ditugu. Horregatik, azaroaren 3tik 28ra, izena emateko epea egongo da zabalik proiektu honetan parte hartu nahi duten herritarrentzako. Apuntatzeko udaletxera etor zaitezkete, telefonoz (94 603 41 00) deitu edo ingurumena@lekeitio.com helbidera idatzi. Behar ditugun datuak ondorengoak dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, etxean zenbat pertsona bizi zareten eta kontakturako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Horretaz gain, gai honen inguruan sortutako edozein zalantza argitzeko udalera hurbiltzeko edo ingurumena@lekeitio.com-era idazteko gonbitea egiten diegu herritarrei.

Zerrenda osatutakoan, parte hartuko duten herritarrek, konpostari buruzko formazioa jasoko dute. Behin konposta egiteko zehaztasun guztiak ezagututa, giltzak banatuko dira eta herritarrak materia organikoa bereiztuta jasotzen eta konposta egiten hasiko dira.

Udalak, birziklapena eta konposta bultzatuz, hondakinek eragiten duten kaltea murriztea lortuko dugula uste du, baina horretarako guztion ahalegina beharrezkoa da eta bide horretan, herritarrak konposta egitera animatzen ditugu.