Gertakariak

 

Hezkuntza ikasturtea hasi denetik aste batzuk igaro ondoren, Lekeitioko Udalak bere kezka azalarazi nahi die herritarrei, ikastetxeetara autoz doazen gidariek eta bidaiariek bete behar dituzten segurtasun arauen inguruan.
 
Txikien segurtasunari lehentasunezko iritzita, Udalak eta Udaltzaingoak “Eskola eta umeen garraiorako prebentzio kanpaina” hasi dute, ezbeharrak saihesteko asmoz,. Horrela, urriaren 7a arte auto gidariei gogoratuko zaie zein diren bai berek zein umeek bete behar dituzten oinarrizko segurtasun neurriak.

Ibilgailuetako gidariek zein bidaiariek segurtasun-uhala loturik eraman behar dutela gogoratu nahi du udalak, herri barnean ere istripuak gerta daitezke eta. Umeen kasuan, gainera, pisu eta urteen arabera homologatutako eusteko sistema erabili behar da.

Hasieran ohartarazi baino ez badute egingo ere, udaltzainek urriaren 7tik aurrera 200 eta 100 euro bitarteko isunak jarriko dizkiete umeak eskolara autoz segurtasun-neurriak bete gabe eramaten dituztenei. Udalak ez du egoera honetara heldu nahi, baina lehendabiziko deritzo umeen segurtasuna bermatzeari.

Honen harira, udalak berriro gogoratu nahi du badirela beste jarrera osasuntsuagoak: umeekin ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joatea esaterako. Osasuntsuagoa izateaz gainera, errespetagarriagoa naturarekiko.