Gertakariak

 

Berdintasun Batzordetik "FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA" dokumentala eta solasaldia eskainiko da Uztailaren 2an Azkue Aretoan 18:30etatik 20:30etara.
 
Bertaratzea baieztatu behar da ekainaren 30a baino lehen. Idatz ezazu
berdintasunabatzordea@lekeitio.com emailera edo deitu  94 603 41 00 zenbakira.

Ekintza honen azalpena:
 
Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean eginiko dokumentala da honakoa eta herri desberdinetako talde nahiz norbanakoen bizipenetatik abiatuta egin da. Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat da, emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministatik abiatzen dena. Hala nola dokumental honetan ikusgai izango dira, jai batzorde anitzetan indarkeri sexistari erantzuteko sortu izan diren protokoloak, emakumeok plazara proiektua, indarkeria sexistarik gabeko txokoak, kontzientziaziorako eta prebentziorako mahaiak, talde feminista eta emakume elkarteek jaietan izaten duten presentzia eta ausentziaren berri ematea, Irun eta Hondarrabiko alardeetan edota Baztango mutil dantzen afera gatazkatsua, besteak beste.
 
Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira eta norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute. Horrez gain, festak bizitzaren erdigunean daude eta gizartean ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak adierazten dituzte. Berdintasun Batzordeak ekimen honen bidez Lekeitioko jaietan ematen diren elementu diskriminatzaileak identifikatu eta horiei aurre egiteko bitartekoak bilatu nahi ditu.
http://vimeo.com/87460982