Gertakariak

 

        Jabekuntza ikastaroen baitan kokatzen dira bisita gidatua eta tailerra.
 
Lekeitioko Udalak Jabekuntza ikastaroen baitan antolatzen duen bisita gidatua eta tailerra dira Bizenta Mogelenak (1782-1854). Berau izan zen euskal literaturaren baitan idatzi zuen lehen emakumea eta beraz, beronek arrakalatu zuen gizonezkoen literatura.

Bisita gidatu honen helburua, historian esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutzeko tartea eskaintzea da. Hain justu, historian zehar izan diren artista, ikertzaile edota idazle emakumezkoak, izugarrizko lana eta lorpenak egin  arren, oso gutxi ezagutzen ditugu. Lan feminizatuei ez zaie baliorik aitortzen. Ezta ere, gizonezkoei egotzitako alorretan emakumeek egin dituzten lorpenei. Ikastaro honek, Bizenta Mogelen bizitza jarriko digu parez pare, euskal literaturan izan duen pisua aitortze aldera.

Bisita gidatua Irailaren 27an izango da. Lekeition 9:30etan Bizkaibusa hartzeko proposamena egiten da eta Markina-Xemeinen hasiko da bisita gidatua 10:30etan Udaletxe aurretik. Bisita gidatuaren helburua izango da Juan Antonio eta Bizenta Mogelen figurak berreskuratzea eta Mogeldarrak Markina-Xemeinen bizi izan ziren garaia nolakoa zen ezagutzea. Bisita gidatuaren ondoren, 12:00etan Uhagon Kulturgunean Yolanda Arrietak (Etxebarria, 1963) azalduko digu Bizenta Mogelen bizitzaren nondik norakoak.

Izena ematea irailaren 23a baino lehen egin behar da euro baten truke: Udaletxera zuzenean joz, 946034100 telefonora deituz edota berdintasuna@lekeitio.com helbidera idatziz. Norbaitek haurtzaindegi zerbitzua behar izanez gero, izen ematearekin batera jakinarazi beharko da.

Lekeitioko Udalak hainbat Jabekuntza ikastaro antolatu ditu. Hain zuzen ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. planean aurreikusten den helburuetariko bat da adin ezberdinetako emakumeengan autonomiaren garapena eta genero jabetza sustatzea. Helburu horrekin antolatu dira ikastarook. 

Hurrengo ikastaroa “Bizikleta mekanika tailerra” urriaren 18an izango da. Bizikletaren oinarrizko mekanika ezagutzeko tailer praktikoa izango da eta bakoitzak bere bizikleta eta etxean aurkitzen duen tresneria ekarri beharko ditu. Katalinak bizikletan kolektiboak zuzenduko du tailerra.