Gertakariak

 

Urriaren 5ean, zapatua, Gazte Guneko 0. ekintza burutu zen 12-18 urteko gazteekin. 40 gazte inguruk, jolas eta dinamika ezberdinen bitartez, urtean zehar hileko lehen larunbatetan egingo diren ekintzak zehaztu zituzten; mendi irteera, parrillada, surf ikastaroa, aterpetxe batetan lo egitea, izarrak ikusten joatea, patinetan joatea…
 
Hurrengo ekintza azaroaren 2an 20:00etan izatea erabaki zuten. Gazte Gunean afari bat antolatuko dute gazteek eta afarien bueltan beraien iritziak elkartrukatuko dituzte. Izena emateko aukera Gazte Bulegoan egongo da ostegun eta ostiralean 17:00etatik 20:00etara.

Hileko lehengo zapatuetako ekintza hauetan ongi pasatzeaz gain, gazteek beraien aisialdiaren inguruan dituzten ideiak edo ekarpenak jasotzea da helburua. Izan ere, Palpalian proiektutik  herriko haur eta gazteen beharrizanen inguruko hausnarketa bat eramango da aurrera, ludoteka, Kide Gune eta Gazte Bulegoaren zerbitzuak emateaz gainera.

Hile honetan gazte ekintzak testuinguru berezia izango du. Izan ere, ludoteka eta Kide Guneko zerbitzukoek ere Gazte Gunean izango dira 18:00etatik 20:00etara eta ume, gazte eta guraso zein herritarrentzako ATE IREKIAK antolatu dira. Etxea ikusi zein bertako proiektua ezagutzeko aukera izango da.

Udalak argi dauka ezinbestekoa dela gazteek zer nahi eta behar duten adostea, zerbitzu horrek orain arte udalari suposatu dion diru kantitate itzela behar den moduan erabiltzen dela ziurtatzeko batez ere. Gazte Gunea hainbeste diru xahutzen duen azpiegitura bat izan da orain arte eta akatsa non dagoen argi dago: gazteen parte hartze barik antolatutako espazioa/zerbitzua zen. Zentzu honetan aldaketa bat proposatzen du Palpalian haur eta gazteen aisialdia egin eta pentsatu proposamenak. Udalak argi dauka gainera, gazteengana bideratutako gastuak beti direla inbertsio, baina inbertsio horiek zorrotz egin behar dira, diru publikoa xahutu barik.