Gertakariak

 

Udaleko Euskara Batzordeko kideok oso kezkatuta agertu ginen azaroan, Lekeition gero eta gutxiago egiten delako euskaraz. Batez ere 25-55 urte bitartekoen artean euskararen erabilera asko urritu dela adierazi genuen orduan. Hori horrela, Lekeitioko euskararen egoerarekin kezkatuta egon daitezkeen herritarrekin lantalde bat sortzeko deia egin genuen. 
 
Herritarrek deia erantzun eta 25-30 laguneko taldea osatu dugu eta orain herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko bideak aztertzen hasiko gara. Horretarako lehen pausoa: TELP (Taller d´Espai Llingüístic Personal) bi ordu eta erdiko tailerra egingo dugu urtarrilaren 22an, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan eta, bestea, urtarrilaren 25ean, larunbata, goizeko 10:00etan, Kultur Etxean. Bietako batean eman behar da izena, hau da, talde bat asteazkenean batuko da eta bestea larunbatean.

TELP tailerra hizkuntza ohituretan eragiten ikasteko ikastaroa dugu. Zenbatetan  gertatu zaizu erakunde edo beste edozein tokitara joan eta euskaraz hitz egiten  hasterakoan, beste pertsonak euskararik ez dakiela esan eta deseroso sentitzea? Edo alderantziz, norbaitekin erdaraz hitz egiten hasi eta  euskaraz dakienaz ondoren konturatzea? TELP tailerrari esker horrelako egoeretan dugun jokabideaz ohartuko gara eta hobetzeko ditugun ohituretan eragiteko baliabideak eskainiko dira. Izan ere, ingurukoen hizkuntza ohiturak euskalduntzeko, lehenik norberarenak aztertu eta zuzendu behar dira.

Udalak, deia egin nahi die herritarrei bi zentzutan. Alde batetik, euskara lantaldera sartzeko oraindik aukera dagoela adierazi eta, bestetik, horiek antolatutako ikastaro eta ekimenetan parte hartzera animatu. Otsailerako esaterako, euskararen erabilera indartzeko bideak aztertuko ditugu Jon Sarasua, Joxerra Gartzia eta Fermin Etxegoienek emango duten hitzaldian. Eta martxoan, "arnasgune" tailer bat jarriko dugu martxan, euskaraz egiteko gabeziak dauden eremuak edo egoerak identifikatu eta horretan eragiteko dinamikak sortzeko tailerra, hain zuzen ere.

TELP tailerrean izena emateko epea zabalik dago beraz. Hiru modu dituzu apuntatzeko: Udaletxeko harrera nagusian galdetuta, udaletxeko telefonora deituz (946034100) edota euskara@lekeitio.com helbidera idatziz. Izen ematea urtarrilaren 17a orduko egin behar da eta tailerra egiteko egun bat edo beste aukeratu behar da.