Gertakariak

 

Ikusmina sortu du 36. Euskal Zine Bilerak

. Euskal zinemagintzak bete betean erantzun dio 36. Euskal Zine Bileraren deialdiari, euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarrari.

. Hasiera ekitaldia izango du aurten Bilerak. Amaren eskuak filma ikusi ahal izango da Mireia Gabilondo eta Karmelo Jaioren eskutik.

. Epaimahikide esperientziduna eta zabala.
. 36 urte habian eta lantalde berriarekin indartsu dator EZB.

    Euskal Zine Bilera, euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarra, azaroaren 24tik 30era bitartean ospatuko da. Azaroaren 24an izango da Euskal Zine Bileraren hasiera. Ondoren, Mireia Gabilondok eta Karmele Jaiok “Amaren eskuak” filma aurkeztuko dute. Bestetik, lehiaketara aurkeztutako film laburrak azaroaren 26tik aurrera ikusi ahalko dira Ikusgarri aretoan. Aurten gainera, Ikusgarri aretoaren kanpoan pantaila handi bat jarriko da ikuskizun guztiak kanpotik ikusi ahal izateko. Aste barruko zine ikuskizunak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Zapatuan, baita goizean be.

Euskal zinemagintzak erantzun dio deialdiari

54 zinegilek hartuko dute parte lehiaketan: 19 zinegile profesional eta 24 amateur. Euskal zinemagintzak bada, bete-betean erantzun dio deialdiari.

    Euskal Zine Bilerak hiru motako lanak saritzen zituen orain arte (sormenezko lanak, argumentuzkoak eta dokumentalak edo erreportajeak). Jaialdiaren izaera eta koherentzia berritu nahian, aurtendik aurrera sarituko diren kategoriak ondokoak izango dira: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta filmik onena. Eta kategori bakoitzean, hau beti legez, lan profesionalak sarituko dira alde batetik; eta amateurrak, bestetik. Profesionalen saria antzarra eta 1.620 euro izango da; eta amateurrena berriz, antzarra eta 1.100 euro.

    Amateurretan bizkaitarrak dira nagusiki lehiaketara aurkeztu direnak; profesionaletan aldiz, gipuzkoarrak. Badira Nafarroatik eta Lapurditik aurkeztu diren lanak ere.

    Horrez gain, aurtengo ekitaldiak badu beste berrikuntza bat ere: Gazte 22 saria, 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileei zuzendutako saria. Gazteek 9 lan aurkeztu dituzte eta horietako batek 600 euroko sari berezia eta antzarra lortuko du. Euskal Zine Bilerak horrela bidea egiten lagundu nahi die zinegile hasiberriei.

Epaimahaia

2013ko edizioko epaimahaia ere zinemagintzako sektoreko profesionalez josia dator.

. Mireia Gabilondo: Aktorea, zuzendaria eta gidoilaria. “Kutsidazu bidea, Ixabel”, “Barrura begiratzeko leihoak” eta "Amaren eskuak” filmak zuzendu ditu.
. Imanol Rayo: Zuzendari gaztea. “Bi anai” pelikula izan da bere lehen film luzea eta Zinemira sariaren irabazlea izan da 59. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian.
. Patxo Telleria: Antzerkigile saritua eta zine zuzendaria. “La máquina de pintar nubes” eta “Bypass” idatzi eta zuzendu ditu.
. Jabi Elortegi: Errealizadorea eta zuzendaria. Pausoka ekoizpen-etxeko arduradunetako bat. “Zorion perfektua” filmeko zuzendaria.
. Arantza Lauzirika Morea: Artista, Arte Ederretako irakaslea eta Arte eta Teknologia Saileko zuzendaria.
. Natxo Rodriguez Arkaute: Artista, Arte Ederretako irakaslea eta Unibertsitate Hedapenerako Dekanordea.

Amaiera ekitaldia

Amaierarako ekitaldi berezi bat prestatzen dabiltza antolatzaileak. Eneritz Artetxe aktorearen eskutik emozioz beteriko ekitaldia prestatu da. Urtzi Iriondoren musika zuzenean, Ana Clararen akrobaziak, eta Ana Krusa dantza taldearen ikuskizuna izango dira aurtengo amaiera ekitaldi berezian.

Benito Ansola Beka

    Lekeitioko Euskal Zine Bilerak berrikuntza du xede. Ikus-entzunezkoen eremuan dagoen berriena, aitzindariena eta ausartena aurkezten da gure lehiaketara. Urterik urte lan berritzaile eta ezustea bilatzen dutenak ekoizten dira.

    Orain hiru urte, zinemaldiaren alderdi berritzailea bultzatzeko, Benito Ansola Bekak sortu ziren Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin elkarlanean. Ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntza ekonomikoa dira sariak, gazteek aurrera egiteko bide berriak aurkitu ditzaten. Bigarren edizioaren emaitza 4.000 euroko beka bat izan zen (aurtengo 36. edizioan ikusi ahalko dena, azaroaren 29an) eta bigarrena hutsik gelditu zen. Beka horien bidez gazteek proiektuak garatu ahal dituzte. Benito Ansola Sariek baliabiderik ez daukaten gazteei aukera ematen diete, proiektuak egia bihurtzeko, sormena bultzatuz eta kalitate oneko emaitzak lortuz.

Kartela

2013ko edizioko kartela Iker Ayestaran ilustratzaileak egin du. Zine eta Bilera kontzeptuetan oinarrituta, kartelean, pelikularen perforazioak bere lekutik atera eta erdian bileraren ideia irudikatzen da. Kontzeptuala, grafikoa eta inpaktu handiko kartela da aurtengoa, 36. Euskal Zine Bileraren kalitateari erantzun nahi diona.

Euskal Zinemagintzaren bilera

    Antolatzaileok argi dugu zein den Euskal Zine Bileraren helburua eta erronka: euskal zinemagintzaren topalekua izatea. Lehiaketaz gain, zinegile profesionalak zein amateurrak batu eta elkarren artean sinergiak sortzeko esparrua izan behar du Euskal Zine Bilerak. Hori horrela, lehiaketaz gain ekintza paraleloak ere antolatu dira aurten, besteak beste umeentzako euskarazko zine emanaldiak edota zineari buruzko mahai inguruak. Lehiaketaz kanpo bi film ere pantailaratuko dira.

    36 urte daramatzagu lanean. Euskal Zine Bilera 70eko hamarkadan sortu zen, Francoren diktadura amaitu ondoren, gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziren indarren eraginez. Gaur bezala orduan ere garrantzi handiko xede baten alde lan egin nahi zen: euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzen ahalegindu. Nabaria zen inguruan zegoen euskararekiko ardura, eta haren aldeko ekimen asko izan ziren, baina inork ez zuen aintzat hartzen euskararen sustapena zinemagintzarekin lotu behar zenik.

    2008an hasierako antolatzaile-taldea desegin zen, arrazoi ezberdinak zirela medio, eta Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundeak (LUKE) hartu zuen haren lekukoa. Hala ere, lehengo taldeko partaide batzuk Zine eta Bideo Bileraren antolaketa-lanetan parte hartzen jarraitu zuten. Puntu hau ezinbestekoa zen eta alde biak akordio batera heldu ziren. 2013an lantaldera partaide berriak sartu dira, zinemagintzan eta komunikazioan adituak. Aurten proposatutako aldaketak, urteetako esperientzia dutenen artean eta hasi berrien ilusioekin egindakoak dira.  Librea da zinearen eremua.