Gertakariak

 

Antzerkiz betetako asteburua datorkigu. Abenduaren 20an, zapatuan, FIGURANTEAK antzezlan arrakastatsua izango dugu Lekeition. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da umorezko antzezlana Ikusgarri Aretoan. Asier Ormaza eta Mikel Laskurain aktoreek bi figurante eta beste 13 pertsonaia antzezten dituzte.  Domekan berriz, abenduaren 21an,  EGUN BERRI BAT haur eta nagusientzako antzerkia arratsaldeko 17:00etan.  Sarrerak Kultur Etxean daude salgai. 10 eurotan Figuranteak antzezlana eta 3 eurotan Egun Berri Bat antzezlana.

Lekeition eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa bermatu nahi du udalak, euskal panorama eszenikoan punta puntan kokatzen diren lanak geurera ekarriz. Datorren ikasturtean ere Ikusgarri Aretoak Euskadiko Antzokien Sarean jarraituko du eta arte eszenikoen programazio trinkoa bermatuko du udalak.   Izan ere, Lekeitio Kultur Kaia dela diogun heinean, udalak argi dauka kulturaren arlotik tira egin behar dela. Argi dugu, daukagun aktibo garrantzitsuenetako bat kulturan bertan aurkituko dugula.