Gertakariak

 

Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izen ematea zabalik dago martxoaren amaierara arte. Udako Arte Erakusketak alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin.

Parte hartzeko Lekeitioko Kultur Etxera hurbildu edota kulturetxea@lekeitio.com helbidera idatzi beharko da. Izena ematerakoan, artistak bere lanen argazki eta dokumentazioa (biografia eta erakusketaren azalpenak) ekarri beharko ditu. Ondoren Lekeitioko Udal Kultur Erakundeak ebaluatu egingo du maila.

Apirilaren hasieran  onartuen eta baztertuen zerrenda aurkeztuko da eta ondoren zozketa baten bitartez hautatuko dira partehartzaileak. Lehentasuna izango dute lekeitiarrek eta eskualdekoek. Aurkeztutako artista kopuruaren arabera, erakustaldi bakoitzak astebete iraungo du; eta aste bi emateko aukera egongo da, baldin eta partaide gutxi aurkezten badira.

Arte disziplina ezberdinetaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek beste behin ere Lekeitioko kultur kaian.