Gertakariak

 

Lekeitioko Udala Lesbofobia, Homofobia eta Transfobiaren aurka pausoak emanez


Lekeitioko Udalak, Maiatzaren 3an izandako Osoko Bilkuran, orientazio-sexuala eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokan duen konpromisoa adierazi zuen.

LGTB taldearen orain arteko lana txalotu eta heterosexualtasuna arau bakar, osasuntsu, normal eta legezko gisa aurkezten dela salatu nahi du udalak, honek gainerako aukerak errudun gisa agerrarazten dituelako. Egoera horren ondorioz, LGTB taldeen barruan, jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko dagoen beldurra ikusarazi nahi du Udalak, gogoraraziz mendeetan zehar jasandako errepresioaren beldur, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta transgeneroek askotan intimitatean eta sekretupean baino ez dituztela egiten adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak.

Guzti hau dela eta, Udalak bat egiten du 2012rako kirol esparruan bereziki egin nahi den lanketarekin, kirol politiketan eskubide horien bermatzea jasoz. Kirolak balio hezitzailea, inklusiboa eta eredugarria izan dezakeela jakinda, eskola mailako kirolean, kirol federatuan eta kirol profesionalean orientazio sexual eta genero-identitate oro normalizatzeak daukan garrantzia nabarmendu nahi du Lekeitioko Udalak 2012an. Honela, Kirol Batzordeak, kirol politika zehazterako orduan, orientazio-sexuala eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurka jokatuko du.

Halaber, Lekeitioko Udalak, Maiatzaren 17an, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako egunean, eskolapean arratsaldeko 19tan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitzen die herritarrei, kausa honekiko atxikimendua adierazteko.