Gertakariak

 

Madeleine aldian margotutako bi bisonte eta zaldi baten burua aurkitu da Lumentxa kobazuloan. Horma arte paleolitoa: okre gorriz margotuak, tamaina handikoak, Santimamiñekoak baino 4 aldiz handiagoak, Ekaingo, Altxerriko edo Pirineotako labar artearen parekoak, 14.000 – 12.500 K.a. garaikoak. Aurkikuntza honekin, Lumentxako koba, Santutegi bihurtu da eta Gizateriaren Ondare izendatu du Unescok, Altamiraren bildumaren barruan. Aurkikuntza honek Munduko mapan kokatu du Lekeitio. Gure historiaren ezagutza mailak aurrera egin du; beste harribitxi bat gure kultur ondarea aberasteko.
 
Lumentzako kobak herriaren historia ederra gordetzen du barruan. Gaur egungo irizpideen arabera, Garratxako koba ezin izango da inoiz “in situ” bisitatu, publikoari zarratuta geratuko da betiko. Barruan dagoen altxorraren kontserbazioa da arrazoia.  Honen gaineko eskuduntza edo konpetentzia, Bizkaiko Foru Aldundiarena izanda ere, Lekeitarrei ere badagokigu honetaz jabetu eta arduratzea.

Hori horrela, hile honetan hitzaldiak antolatu dira aurkikuntza honen berri emateko herritarrei eta arte paleolitikoan interesatuei. Lekeitioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ondareen Jardunaldien baitan, “Lumentza, lehen etxea” hitzaldiak antolatu ditu urriaren 16an eta 18an, Azkue Aretoan.  Margoen aurkikuntza egin zuten bi arkeologoek, Diego Garate eta Joseba Rios, azalduko dizkigute Lumentzako kobaren sekretu guztiak. Diego Garate Bilboko Arkeologia Museoko arkeologoa da, eta Joseba Rios CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroan dihardu lanean. Urriaren 16an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan euskaraz eta urriaren 18an, zapatua, goizeko 12:00etan gazteleraz izango dira hitzaldiak.

Beste hainbat konturen artean, hitzaldiotan azalduko dute nola Lumentzako koba, duela 18.000 urte inguruz geroztik erabili ohi zutela gizakiek, eta orain dela 12.000 urte ehiztari/biltzaileek okupatu zituztela eta hormetan bi bisonte handitsu eta zaldi bat margotu zituztela. Antza, Neolitikoan eta Metal Aroan ere, bertan bizi izan zen gizakia, baita erromatarren garaian ere. Etenaldi luze baten ondoren, 1936ko Gerrako bonbardaketetan, herritarren babeslekua izan zen, beste leku batzuetan gertatu zen bezala. Inolako zalantzarik gabe, Lumentzako koba herriko lehen etxea izan zen, eta oraindik ere erreferentea da herritarrontzat.

Disfrutatu Lekeitiarrok, badaukagu zertaz poztu.

Bestelako bitxiak ere

Margoak ikusteko begia “entrenatuta” izan behar dela aitortu du Garatek. “Joxe Miel Barandiaranek 1926an induskatu zuen, eta gerora ere jende pila bat pasa da handik. Baina ez dira ikusten errazak; eskala oso handia da, eta erliebera egokituta daude, gainean idatziak eta dituzte... ez da harritzekoa oharkabean geratzea. Guk, ordea, askotan ikusi ditugu horrelakoak, eta horri esker konturatu ginen han bisonte bat zegoela. Lehenik handiena ikusi genuen, eta gero besteak”.
Horren ondoren, ikerketa abiatu zuten, beste arkeologo batzuekin batera, tartean, Kantabriako Unibertsitateko Aitor Ruiz. “Hain zuzen, horrelako ikerketak beti egiten dira bikoiztuta; hau da, bi taldek egiten dugu ikerketa bera, bestela zerbait ez ikusteko arriskua baitago”.
Ez dute dataziorik egiterik izan, ez daudelako materia organikoz eginak, okrez baizik (beraz, ezin da karbono-14aren proba erabili), ezta kaltzitaz estalita ere (orduan ezin izan dute uranio/torio metodoa erabiltzerik izan), baina, estiloagatik, garbi dute Madeleine aldikoak direla, hau da, duela 12.000-14.000 urtekoak, gutxi gorabehera.
Industean, beste ezusteko batzuk ere topatu zituzten arkeologoek. Garatek okre-biltegia nabarmendu du: “Ordura arte, ez nuen horrelakorik ikusi. Bloke handiaren eta beste harri batzuen artean, metro bateko diametroko okre-biltegi handi bat dago. Pentsatzekoa da hori erabili zutela margoak egiteko, noski”.