Gertakariak

 

Lekeitioko Udalak egitarau betea aurkeztu du aurtengo aratusteetarako. Beste behin ere jai horien ospakizuna herriko kultur taldeekin elkarlanean eramango du aurrera udalak. Lekeition kultur eskaintza zabala dugu. Aurten kalejirez beteta dator egitaraua, kalerik kale musika eta dantzaren bitartez giroan hobeto sar gaitezen.
 
Otsailaren 27an hasiko dira ospakizunak, Sasi-koipetsu egunean. Egun horretan arratsaldeko 20:30 inguruan kalejira izango da Aittitta Makurra taldeko txikirri-txikirriekin.

Martxoaren 1ean berriz, zapatuz, Kalderero eguna ospatuko dugu. Goizeko 10:30ean Aratuste Alai estudiantinaren kalejirarekin emango zaio hasiera egunari, eta Isidro Salinas enparantzan bigarren eskuko azoka solidarioa egingo da. Plaza berean kaldereroen kanpamenduaren zabaltzeari ekingo zaio 12:30ean, eta sasi-koipetsua egin. Bitartean, Nautika aurrean Lekitto musika bandaren eskutik kontzertua izango da. Ondoren, tradizioari keinu bat eginda, Aratuste Alai estudiantinak Aratusteetako abesti zaharrak kantatuko dituzte.

Estudiantinak berriro ere hasiera emango die ospakizunei 18:30ean, eta Eusebio Maria Azkue kaletik hasita, herri guztia musikaz beteko dute. Ordu berean Etorkizuna dantza taldearen ikuskizuna hasiko da, Aittitta Makurra txarangak lagunduta. Bigarren urtez joaldunen laguntza izango dute jaia girotzeko.

Aittitta Makurra txarangak animatuta, kaldereroen kalejira hasiko da berriro 20.30ean Isidro Salinas enparantzatik limoiondoetaraino. Jarraian eta gauera arte Aratuste Alai estudiantinak eta Aittitta Makurra txarangak musika soinuez jantziko dituzte bazter guztiak.

Aratuste egunean, martxoak 2, domeka, goizean izango dira ikuskizunak. Alde batetik 12.30ean Eguzkilore jubilatuen abesbatzak kontzertuak emango ditu Marina eta Baserri tabernetan. Bestetik, Aittitta Makurra taldeko txikirri-txikirriekin kalejira izango da13:00etatik 15:00etara.

Astelehenean, aldiz, ikuskizun bakarra izango dugu: Itxaropena txistularien kalejira19:30ean.

Otsailaren 12a lekeitiarrok gogo handiz ospatzen dugun eguna da. Turuturu egun horretan goizeko 10.30ean Atea kalean hasi eta plazan amaituko den ikastola eta eskolako ikasleen kalejira koloretsua izango da. Ondoren, arratsaldeko 17.00etan Galaktika haur berbena izango da plazan, eta 18:00etan txokolatada, txosna batzordearen eskutik. Tratutala perkusio taldeak hartuko ditu kaleak 19:00etan gabeko 21:00ak arte. Herri guztia mozorrotuta eta festarako gonbitea eginda, Aittitta Makurraren kalejira izango dugu.

Gogora ekarri ere, martxoaren 15ean, zapatuz, 18:30ean kalejira izango dela Etorkizuna dantza taldeko Inude eta Artzainena.