Korporazioa

 

Udaleko Alkate eta Zinegotzien jarduneko konpromisoak eta neurriak

Gaur egun ia adostasun osoa dago administrazio publikoa kudeatzeko garaian eduki beharreko irizpideen inguruan: gardentasuna, interes publikoa nagusi izatea, kargu publikoa alderdiaren edo norberaren xedeetarako ez erabiltzea, karguarengatik eduki daiteken informazio pribilegiatua ez erabiltzea norberaren onurarako, legeria zehatz-mehatz betetzea, administrazioko kontratazioetan publizitate eta konkurrentzia printzipioak, langileen hautaketarako meritu eta gaitasuna, gastu publikoaren kontrol zorrotza, e.a.

 

Hau horrela izanik, oso arduratuta eta sentsibilizatuta gaude hainbat hamarkadatan ustelkeria oso praktika zabaldua bihurtu duen iluntasun sistemarekin eta bereziki azken bolada luzean estatu mailan eta baita Euskal Herrian ere nozitzen ari garen kasuekin; hasi Barcenas auzitik eta Nafarroako Kutxako xahutze sistematikotik eta hainbat udalerrietan ikusi ditugun jarreretaraino.

 

Jokabide hauek, gainera, bizi garen sistema sozioekonomikoan dute oinarri sendoa, nabarmentzekoa  baita gizarte kapitalistaren erroetan ustelkeria ernamuintzeko baldintzak egokitzen direla: irabazi eta etekin-asmo mugagabea, neurririk gabeko konpetentzia, handinahikeria...

 

Gauzak horrela, gobernu eta administrazio publikoetako ustelkeriak eta zilegi ez diren praktikek honako ondorioak ekartzen dituzte:

  • Baliabide publikoak desbideratzea eta alferrik galtzea.
  • Herritarrek zinegotzi eta alkateak urruneko eta autoritario gisa ikustea
  • Erakunde publikoen eraginkortasunik eza.
  • Gobernu-programetan ezarritako helburuak ez betetzea.
  • Herritarren arazoak eta beharrak ez konpontzea.
  • Azpiegitura publikoak murriztea.
  • Politikan bezeroen zerbitzuan aritzea.
  • Justiziaren lana oztopatzea.
  • Gobernuarekiko eta erakundeekiko konfiantza galtzea. 

Guzti honek, dudarik ez da, hautetsi edo alderdi politiko guztiak berdinak direnaren sentsazioa gero eta gehiago errotu du jendartean eta herritarren politikarekiko interesik eza eta gure bizitzako funtsezko gaietan erabakiak hartzeari buruzko interes eza ere elikatu du nabarmen.

 

Horren guztiaren jakitun, eta konfiantza praktika onekin eta bertute zibikoen bitartez irabazten dela jakinda (zintzotasuna, leialtasuna, egiazkotasuna, eredugarritasuna eta austeritatea), bizitza politikoa eraberritu behar dela argi dago, herritarra erabakien erdigunean jarriz eta eguneroko jardunean protagonista bihurtuz.

 

Hau horrela izanik, funtzionamendurako neurriak zehaztuz UDALEKO ALKATE ETA ZINEGOTZIEN JARDUNERAKO KONPROMISOAK ETA NEURRIAK finkatzea egokia da, ondoren jasotzen diren aspektuetan oinarritua; horietako asko legezko eduki hutsak dira eta beste batzuk kudeaketa publikoa hiritarren kontrolpean egotearen beharrean oinarritzen dira.

  • Argazkia Korporazioa

Neurriak