Lekeitioko informazio orokorra

Lekeitio Bizkaiko kostaldeko ekialdean dago. Bilbora 55 Km. dago, Gernikara 22 eta Donostiara 72. Errepidez Ondarroari, Markinari eta Gernikari dago lotuta.

Lea-Artibai Eskualdean kokatuta dago eta 1,8 Km2 du. Itsasoak mugatzen du iparraldetik, Ispasterrek hego eta mendealdetik eta Mendexak ekialdetik.

Otoio eta Lumentza mendien oinetan kokatzen da Lekeitio, mendiok aldazbeheran-aldazbeheran itsasora egiten dutelarik.
 
Lea ibaiak, Lekeitio inguruan itsasadar bihurtua, itsasora isurtzen ditu urak Isuntza eta Karraspio hondartzen artean, ezkerraldean San Nikolas irla utzita.

Biztanleriari dagokionez, Lekeitiok gaur egun 7.500 biztanle ditu gutxi gora behera eta dentsitate handia: 4.200 biztanle/km2-ko. Eskualdeko biztanleria beheraka-beheraka doa oro har.

Egun turismo eta zerbitzuak, zerrategiak, arrantza eta arrain-kontserbak dira jarduera nagusiak, baina azken biok krisialdian daude.