Euskara

 

Euskara Zine Aretoetara

Urtero Lekeitioko Eskola Publikoko eta R.M. Azkue Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek hartzen dute parte egitasmo honetan; guztira, 497 umek. Txikitatik filmak euskaraz ikusteko ohitura sortzea da egitasmoaren helburua. Horretan aritzen da TINKO EUSKARA ELKARTEA: eskola umeekin lan egiten du; filma egokiak bilatu, bikoizketa egin, film bakoitzari dagokion material didaktikoa sortu,... Euskara sustatzeaz gain, pelikuletan agertzen diren baloreak ere (adiskidetasuna, inmigrazioa, drogak…) lantzen dira egitasmo honetan.

Haur Literatura Aretoa

Euskara Zerbitzuak eta Udal Liburutegiak urtero Liburuaren Eguna ospatzeko Haur Literatura Aretoa egitasmoa antolatzen dute Berbaro Elkartearekin. Egitasmo honen helburu zehatzak honako hauek dira: Ikastetxeetan literatur zaletasuna sustatzea, idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea, euskal idazleen obren zabalkundea eta ikasleen literatur gaitasuna sendotzea teoria praktikarekin lotuz.

Gu ere Bertsotan

2007-2008 ikasturtetik eta Bizkaiko bertsolari Elkartearekin elkarlanean Lekeitioko Eskola Publikoan eta R.M. Azkue Ikastolan egitasmo hau gauzatzen da. Egitasmo honen helburua ahozko komunikazio gaitasuna sormenaren bidez lantzea eta hobetzea da, beti ere ikasleen parte hartzea bultzatuz. Urrian hasi eta maiatzera arte astero ordu betez bertsolaritzako irakasle bat gerturatzen da Lekeitioko Eskola Publikora. R.M. Azkue Ikastolan berriz, ikastorduz kanpo bertsotan bat-batean ikasteko eskolak ematen dira.

Euskarazko produktuen katalogoa

Katalogo honetan euskaraz argitaratzen diren produktu egokienak eta haien inguruko informazioa (argitaletxea, prezio tartea eta abar) jaso dira etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten. Katalogoa Lekeitioko Eskola Publikoko eta R.M. de Azkue ikastolako umeen artean banatzen da abendu hasieran, Gabonetako oparietan euskarak ere bere lekua har dezan. Katalogoaren gaineko informazio gehiago nahi izanez gero KATALAGOAREN WEBGUNEA kontsultatu daiteke.

Gazte etorkinak Lekeitiartzeko egitasmoa

Euskara Zerbitzuak, Iturriotz institutuak, R.M. Azkue ikastolak eta AEK-k elkarrekin landutako proiektua da. Proiektu honekin, Lekeition bizi eta institutuan zein ikastolan ikasten duten gazte atzerritarrak euskara mundura erakartzea dugu helburu. Urrian hasi eta apirilera arte, astean bitan euskara klaseak jasotzen dituzte AEK-ko lokaletan.